JAI-BATZORDEAK TXIKIENENTZAKO HAINBESTE JARDUERA BILDU DITU AURTENGO PROGRAMAN
-DEIA- Jaiak gazteentzako direla esan ohi da. Eta gazteetan gazteenak, umeak halabeharrez; ez baitago umeek bizi duten ilusioa baino jai-giro ederragorik. Bide horretatik, Mungiako San Pedroetarako, jai-batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu haurrak jaietan protagonista izan daitezen.
Festa-usain horri bidea egiteko, abian da jada Kepa Deuna Futbito Txapelketa, asteburuotan Foruen plazan jokatzen ari dena eta finalak jaietan murgildu bezain pronto hasiko dituena.
Hala, ekainaren 28an txupinazoa hasi baino lehen, arratsaldeko 19.00etan, Olentzeroren etxetik abiatuta, kalejira hasiko da giganteak, dultzaineroak, buruhandiak, Marijata eta koadrillak animatuta eta Gure Ametsa Txistulari Taldearen musikak alaituta. Gainera, Galtzagorri, Basajaun, Tartalo, Maritxu Teiletako eta Mari Domingi ere bertaratuko dira Sanpedroak behar den moduan hasteko.
Biharamunean, San Pedro egunean, goiz eta arratsaldez umeentzako jolas-parkea egongo da Torrebillelan. Arratsaldean kale-antzerkia eskainiko dute MarkeliƱe antzerki taldekoek Matxin plazan eta egun guztian zehar txu-txu trena ibiliko da herrian barrena. Astelehenean, pailazoak izango dira Andra Marin, eta asteazkenean berriz Magiaren Gala Benefikoa ospatuko dute Olalden Koroideremiak kaltetutakoen alde. Hurrengo egunean, Mungiako Saskel Saskibaloi Taldeak antolatuta, Uriguenen tortilla txapelketan parte hartzeko aukera izango dute txikienek. Barikuan ordea, play-back txapelketa aurkeztuko du Marijatak Matxin plazan.
Larunbat goizean haurrentzako ur-jokoak antolatuko dituzte udal igerilekuetan, urtero legez, eta goiz eta arratsaldez jolas-parkea kokatuko dute Foruen plazan eta Euskal Pizkundearen etorbidean.
Gainera, barrakak ekainaren 26tik uztailaren 8ra egongo dira. Prezio bereziak, ekainaren 26an eta uztailaren 4 eta 8an.