LUIS ALCITURRI BILBOTARRAK MUNGIAKO FANFARRIAKO KIDE IZANDAKO 'TXATOLA'REN IRUDIA HARTU DU ARDATZ
-DEIA- San Pedro jaietarako hiru aste eskas geratzen diren honetan, jaietako kartela izango dena aurkeztu zuten atzo Mungiako Torrebillelan. Kartel irabazlearen egilea Luis Alciturri Belaustegigoitia bilbotar gaztea izan da, Arte Ederretan lizentziatu berria.
Aurtengo kartela, jai-batzordeko ordezkarien arabera, "beste urte batzuetan aukeratutakoengandik aldendu egiten da apur bat", hots, "diferentea da". Izan ere, Mungiako jaietako karteletan ohikoa da Marijata agertzea. Kasu honetan, kartelaren egileak beste ikuspuntu bat eman nahi izan dio, "antzinako Mungia eta oraingoa uztartuz", betiko eta jaietan beharrezkoa den "koloreak galdu barik".
Gainera, kartelak besteekin alderatuta desberdina egiten duen beste elementu bat du oinarri: Mungian hain ezaguna izan zen Txatola; Mungiako fanfarriaren parte izandakoari omenaldi txiki bat egin nahi izan dio Luisek: "nire familiako parte bat Bakiokoa da eta ondo ezagutzen dugu Mungia eta ingurua" eta "gurasoek hainbeste istorio kontatu dizkidate fanfarriaren inguruan eta Txatola herrian oso estimatua zela badakit". Gainera, bilbotar gazte honek ondo baino hobeto ezagutzen ditu Sanpedroak, 25 urte besterik ez ditu eta "behin ere" ez baititu galdu.
Horrela, atzo aurtengo San Pedro jaietako programa ere aurkeztu zuten, ekainaren 28an Mungia Saskibaloi Taldeko pregoilariek Joseina Etxeberriarekin batera botako duten txupinazoarekin hasiera emango diote jaiei, eta Euskal Herri osoko Sukalki-egun ospetsu eta jendetsuenarekin bukatuko direnak.
Aurten, jaietarako aurrekontuak eskasagoak izan arren, hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu ditu jai-batzordeak. Adin guztietarako ekimenak izango dira jaietan zehar, eta mungiar guztiek baita kanpotik etorritakoek ere horietan parte-hartzera animatzen ditu aipatu jai-batzordeak. Horrela, gazteei bideratutako hainbat jarduera prestatu dituzte; aurten, lehenengoz prestatuko dute Karromatoen lehiaketa, jai-batzordearen esanetan, "sari potenteekin". Horrekin batera, playback-txapelketan parte hartzeko aukera ere egongo da. Bertso-saioa, pelota partiduak, Kepa Deuna Futbito Txapelketako finalak, antzerkia, pailazoak, magia ekitaldia, tortilla lehiaketa etabar luze bat, Oskorri, Sutagar, EH Sukarra edo Goseren kontzertuak ahaztu barik.