ETXE-ALAI EGOITZAN IRIBARREN GAINEKO ARGAZKI-ERAKUSKETA ANTOLATU DUTE
-DEIA- San Jose Etxe-Alai Fundazioak, San Mames agurtzeko gizarte arlo askotan egiten ari diren hainbat ekimenen harira, Jose Angel IribarTxopo Athletikeko jokalari ohiaren argazki-erakusketa jarri du martxan. Atzo hasi eta behintzat beste hamabost egunetan zehar, zarauztarraren bizitzako hainbat momentu islatzen dituzten irudiak begiratzeko aukera dago Mungiako nagusientzako erresidentzia honetan.
Bilduma Pako Urkia zarauztarrak eskaini du, jokalari ohiaren hurbileko pertsona bat. Argazki-multzoan Iribarren bizitzako esparru desberdinak biltzen ditu: Athletik kluban hasi baino lehenagoko garaietakoak, lagunartean, kalean edo familian egindako argazkiak, bestelako pertsonai ospetsuekin batera ateratakoak edo hainbeste ekimen solidariotan egindako argazkiak, besteak beste. Eta, jakina, talde bilbotarrak izan duen atezain onenaren hainbat irudi, San Mamesen, Lezamako zelaietan zein bestelakoetan, baita prentsan agertutako berrietakoak ere.
Izan ere, Jose Angel Iribar Athletikeko historiaren parte garrantzitsu dugu, eta, Etxe-Alain athletikzaleak ugari direnez, erakusketa antolatzea pentsatu zuten. Gainera, bertako arduradunetako bat den Aitziber Mandalunizen esanetan, "zentro irekia gara eta herriarekin bat egiten saiatzen gara. Esperientziak elkarbanatzea da gure asmoa, eta hiritarren parte aktiboa izan, nagusientzako egoitzek izan ohi duten estereotipo tradizionalekin apurtzeko".
San Jose Etxe-Alai Fundazioa gizarte izakerako erakunde pribatua da, irabazteko asmo gabekoa. Egoitza edadekoei eta gaixoei bizilekua eman eta haien beharrizanei ahalik eta ondoen erantzuteko sortu zen. Egiteko horrek ardatz bi ditu: batetik, giza-duintasuna, eta bestetik, adineko jendearen parte-hartze aktiboa sustatzea.
Zentruko arlo siko-sozialak nagusien gaitasun kritikoa, iritzia izan eta ematekoa baita aisialdiaz gozatu eta disfrutatzeko ahalmena ere herrian eta gizartean ikusgarri izateko lan egiten du, eta Mungiako bizitzan parte-hartze aktiboa izan dezaten. Irteera kulturalak eta herrian antolatutako jarduerak horren adibide dira.
Argazkiok ikusteko aukera beraz, Mungiako San Jose Etxe-Alai egoitzan, goizeko hamarretatik eguerdiko ordu batera eta arratsaldez berriz bostetatik hasi eta zazpi t'erdiak bitartean.