DANTZATZEKOEK, ANTZERKIAK ETA MARTXA ZIKLOTURISTAK ASTEBURUKO ESKAINTZA ZABALA OSATZEN DUTE
-DEIA- Atsedenik ez mungiarrentzat; kultura, kirola eta aisialdirako jardueraz bete-bete eginda baitute asteburu honetan ere herriko agenda.
Gaur bertan, asteburua ostegunetan hasten delako ustea dutenei arrazoia emanez, zinemaz gozatzeko aukera egongo da Mugire Txokoan, Sua filmarekin. Bihar berriz, Gaztegunean, 18:30etatik aurrera musika-jokoak antolatu dituzte 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzako. Gainera, horren ostetik, iluntzeko zortzietan, Olalde Aretoan Zertarako Hegoak antzezlana eskainiko du Metrokoadroka konpainiak, Berria egunkariaren jaiotzaren X. urteurrena dela eta.
Larunbatean hasiko dira baina asteburuko aktibitate berezi bezain gozagarriak: goizean goiz, Kepa Deuna Futbito Txapelketaren XXXVI. edizioaren bigarren jardunaldia izango da, Foruen plazan 9:15etan eta ordu laurden geroago kiroldegian jokatzen hasiko dena.
Goizean hasi eta egun osoan zehar Mikroautoen II. Topaketa gertatuko dute. Hamarretan kotxeak Andra Mari gunera hurbiltzen hasiko dira, izena emateko. Ordubete geroago, auto txiki hauek Mungian barrena abiatuko dira herritar guztiek ikus ditzaten, eta, gainera, gaztetxoenek benetako goggomobil batean ibiltzeko aukera ere izango dute, Mungiako bazterrak bertako mikroauto mitikotik ikusteko. Arratsaldeko bostetan herriko auzoetan barrena egingo dute mikroautoek ibilbidea, 19:00etan Andra Marin sari-banaketa izango delarik.
Mungiar gazteenak izango dira hortaz protagonista, egun osoan zehar Legarda eguna ospatuko baitute aipatu ikastetxean.
Eta asteburua ez da hor amaituko, ez horixe. Hala, igandean, kirol astearen barnean, XII. Zikloturisten Martxa antolatu dute Valentin Uriona Txirrindulari Alkarteak Mungiako Udalaren laguntzarekin. Kepa Deuna futbito txapelketak ere igandean zehar jarraituko du, Foruen plazan, Kiroldegian eta Legarda futbol zelaian goiz guztian zehar.
Bestalde, Bitxikiak Bildumazaleen Alkartearen eskutik, hamaiketatik aurrera Truke Egunaz gozatzeko parada izango dute Andra Marira hurbiltzen direnek.
Asteburuari amaiera emateko dantzatzekoak izango dira entzun eta dantzagai Olalde Aretoan arratsaldeko 18:30etatik aurrera.