-DEIA- Asteburu ederra pasatzeko moduko ekimenak antolatu dituzte Mungian ostiraletik igandera, zinema, antzerkia, dantza, musika, eta kirola bilduko dituena hain zuzen.
Hasteko, gaur bertan, Gaztegunean pelikula eguna da. 18.30etatik aurrera, 14 eta 30 urte bitarteko gazteek film bat ikusteko aukera izango dute, konpainia onean.
Larunbat eta igandean berriz, dantza eta musika izango dira protagonista. Bihar arratsaldean, Olalde Aretoan baita, dantza modernoko masterclass-ak izango dira ikusgai. D'zanpegitasmoaren barruan antolatuta, nazioartean ibilitako lau dantzarik emango dituzte klaseok eta aspaldi bete dituzte horietan parte hartzeko lekuak.
Bide beretik eta ekimen beraren parte izaki, igandean dantza moderno (goizez) eta street dance (arratsaldez) lehiaketak izango dira bertan. Egun osoan zehar, Euskal Herritik zein kanpotik etorritako hainbat dantzari-taldek parte hartuko dute bigarrenez antolatu duten txapelketa horretan. Guztira 82 talde izango dira lehiaketan, horien artean, Kantabria, Errioxa, Asturias, Palentzia, Soria eta Burgosetik etorriko direnak, Euskal Herriko hainbat herritatik hurbilduko diren taldeekin batera bigarren D'zanp honetan lehiatuko direnak. Antolatzaileek aurreko urteko edizioak izandako arrakasta errepikatuko dela espero dute.
Gainera, goiz osoan zehar, Athletic Fundazioak antolatuta, Futbola Kalean 2013 jardueraz gozatzeko abagunea ere izango dute mungiarrek eta herrira hurbiltzen den orok.
Beraz, asteburu honetan ere Mungian bertan hainbat jarduera eta aisirako aukera dago. Aitzakiarik ez hortaz barikutik igandera etxetik irten eta familia edo lagun-artean herri-giroan primeran pasatzeko.