MUNGIAKO AUZOOTAN HAMAIKA JARDUERA ANTOLATU DITUZTE DATOZEN ASTEBURUETARAKO

(DEIA) Mungiako Sanpedroak oraindik bukatu direla sinestu barik daudela, mungiarrek badute non ospatu ostiral honetatik aurrera. Izan ere, ostiralean bertan hasiko dira Llona auzoan Madalen jaiak eta hurrengo astean, uztailak 25ean hain zuzen, Santiagoak abiatuko dira Laukarizen.

Ostiralean, iluntzeko zortzirak eta laurdenetan, txupinazoarekin hasiko dituzte jaiak Llonako auzokoek. Bertan, sardinak jaten bukatuta, Luis Humberto mariatxiaren abestiekin kanta eta dantza egiteko aukera izango da. Geroago gainera, txokolatada ere izango da guztientzako.

Hurrengo egunean berriz, Llonan Sukalki Eguna ospatuko dute. Horrekin batera, trikipoteoa, tute txapelketa eta erromeria prestatu dituzte, beste jarduera zenbaitekin batera. Igandean, hamaiketako eder batekin emango diote amaiera Madalen jaiei.

Datorren astean baina, Laukarizko auzotarren txanda izango da. Santiago egunean hasita (uztailak 25), eta igandera bitartean hamaika ekitaldi antolatu baitituzte. Ostegunean beraz, iluntzeko bederatziak jo baino ordu laurden lehenago txupinazoa botako dute, eta hortik aurrera ibilaldia, umeentzako herri-kirolak, playback txapelketa eta txokolatada izango dira hurbiltzen diren guztientzako. Barikuan bertso-poteoa izango da Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballesen eskutik. Larunbatean tortilla-txapelketa ospetsuan parte hartzeko aukera izango da eta bitartean, bertako harrijasotzaileak ezagutu ahal izango dira. Gauean su-artifizialak botako dituzte eta igandean, herri bazkaria egongo da, besteak beste.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com