Bihar, tailerrak, txirrindu-mailegua eta ginkana izango dira Matxin plazan

DEIA (21/09/2013). Beste urte batez Ingurugiro Sailak Auto Bako Eguna antolatu du Mugikortasun Astearen barneko ekintzen artean. Bihar, 10:00etatik aurrera, mungiarrek herrian zehar auto barik ibiltzearen onurak ikasiko dituzte, jarduera ugari prestatu baitituzte gai horren inguruan, ume zein nagusiak informatu, sentsibilizatu eta konbentzitu nahi dituen programarekin.

Hamarretan hasi eta 14:00ak arte hainbat auto eta bizikleta elektriko izango dira ikusgai Matxin plazan. Era berean, informazio puntu bat ere izango da auto elektrikoen gaineko zalantzak argitzeko. Horretaz gainera, umeentzako mugikortasunaren inguruan eraikitako jolasetan parte hartzeko aukera egongo da.

Publiko guztiari zabalik berriz, hurrengo jarduerak antolatu dira: bizikletak konpontzeko tailerra, bizikleta-ginkana eta Mungian oinezizenburupean tailer bat eskainiko da baita ere, herriko gunean oinez ibiltzearen onurak azaleratuko dituena. Horrekin batera, kotxea hartu barik eguneroko jardueretarako herritik oinez ibiltzea zehatz aztertuko da, elkarrekin arintasuna, erosotasuna eta erraztasuna neurtuko direlarik, besteak beste.

Mugikortasun Astea baina, ez da bihar bukatuko. Izan ere, irailaren 19an abiatu zenetik, hainbat ekintzatan parte hartu ahal izan dute mungiarrek, Energia Iraunkorrerako Alkateen Itunaren tailerrean, kasu. Datorren asteartean ere, azken urteotan arrakasta itzela izaten ari den ekimena proposatu dute: Oinez Busa, Mungiako ikasleak Matxin plazatik hasi eta elkarrekin egiten dute eskoletarako bidea, mila ume eta gazte baino gehiago biltzen dituen ekintzan.

Irailak 28an berriz, Nekazaritza Ekologikoaren XIV. Azokarekin emango diote amaiera Mugikortasun Asteari. Matxin plazan eta 15:00ak arte bertako produktu ekologiko sorta ederra ikusi, dastatu eta erosteko abagune ederra izango dute Mungiara hurbiltzen direnek.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com