'MUNGIN GEURE IKURREK' EKIMENAK "INPOSAKETEN AURKA" ANTOLATU ZUEN MARTXA
-DEIA- Laurehundik gora herritar batu ziren atzo Mungin geure ikurrek herri-plataformak ikurrinaren alde deitu zuen martxan. Mungiako auzoetatik atera ziren hainbat talde, herriko plazan 13.00etan batzeko, ikurrinak aldean zituztela, "inposaketa antidemokratikoei erantzuna emanez", antolatzaileen esanetan, eta "gure ikurrak aldarrikatzeko", adierazi zutenez.
Iaz sortu zen ekimen honek hainbat egitasmo abiatu ditu, besteak beste, oraindik martxan den sinadura-bilketa bat edo mungiarrek balkoietan ikurrina jartzeko deia zabaldu zutenekoa. Eskualdeko herritarren artean erantzun paregabea jaso du Mungin geure ikurrek ekimenak, izan ere, aurkezpen-ekitaldian 200 pertsonak hartu zuten parte, eta, gerora, Mungiako 1.400 pertsonek baino gehiagok eta herriko 45 elkartek babesten eta jarraitzen dituzte.
Horren erakusgarri, atzo herriko plazara inguratu zen jendetza, plataformaren hitzetan "bandera espainola jartzearen inposaketaren aurka eta ikurrinaren alde". 11.30etan Bidebietatik eta Birletik atera ziren talde bi. 12.00etan Santantoitik, ordu laurden beranduago Madalenatik, eta 12.30etan Etxebarritik (Atxuri) abiatu ziren herriko gunerantz. Auzoetatik etorritakoekin batera hirigunetik aterata ere hainbat pertsona batu zituen martxa honek Foruen plazan, bai herritarrak, bai kirol, kultura, gizarte, politika eta sindikatugintzako ordezkari zenbait ere.
Mungin geure ikurrek, Mungiarrek sortutako herri ekimena da, Espainiako Gobernuaren ordezkariak eta epaileek, udaletxeko balkoian Espainiako bandera jartzeko "gure Udaleko ordezkariei eta Mungiako herriari berari egindako gaitasungabetze-mehatxuari erantzuna emateko". Hain zuzen ere, Banderen Legean oinarritzen dira aipatu agintariak; "baina gure herriak ez du sekula inposizio hori onartu; izan ere, ez da agindua bete Espainiako banderak ez dituelako bertako herritar gehienak ordezkatzen, justu alderantzizkoa baino", diote plataformako ordezkariek.
Horrela, jai giroan eta eguraldia lagun izan ez arren, hainbeste jende hurbildu zen eskualdeko herrietatik ere, mungiarrekin ikurrinaren aldeko martxan bat egiteko. Balkoietan ere hainbat eta hainbat ikurrina ageri ziren eskegita, edo kartulinaz egindakoak lehioetan itsatsita. Emakume, gizon, gazte zein nagusi, denak ikur bakar baten defentsan, berea sentitzen duten ikurrina.