EHUN KILOMETRO BAINO GEHIAGO ZEHARKATUKO DITUZTE TXIRRINDULARIEK KARRERAN
-DEIA- Datorren igandean, maiatzak 26, XII. Uriona Zikloturista Martxa abiatuko da Mungian, herriko kirol-astearen barnean. Valentin Uriona Txirrindulari Alkarteak antolatuta, Mungian hasi eta Mungian bukatuko den lasterketan 110 kilometrotan gaindi ibiliko dira arineketan parte hartuko duten kirolariak.
Aurtengoa hamabigarren edizioa du beraz karrera honek, herriko aipatu txirrindulari elkarteak urtero prestatzen duena. Elkarte horrek baina, beste hainbat jarduera eta egitasmo abiatu ditu, hala nola, maiatzean bertan Mungiako Larramendi Ikastolan izan ziren elkartearen ordezkari eta txirrindulari zenbait, lehen hezkuntzako umeekin batera jolasean, kirola eginez eta gynkana ere gertatu zutelarik. Bada, klubaren estiloari jarraituz, Mungialdeko eta hurbileko herrietako ume eta gazteen artean txirrindularitza sustatzeko asmoz, horrelako ekimenak antolatu ohi dituzte, kirol hori suspertzeko eta haurrak elkartera hurbilarazteko.
Mungia, Gernika, Plentzia eta Bizkaiko Balkoiko inguruetan barrena lehiatuko dira kirolari gazteak
Esan bezala, Valentin Uriona Alkarteak eskualdeko gazteak txirrindularitzara hurbildu nahi ditu, eta horretarako lasterketa eta biretan izaten duten parte-hartzea ezinbestekoa da: maiatzaren 12an kasu baterako, Euskal Herria Sariaren hirugarren proba korritu zuten Urionako gazteek Mutrikun. Orduñan berriz, duela hilabete eskas, elkarteko Julen Amarika txirrindulari gazteak lasterketa irabazi zuen.
Oraingoan etxean aritzea tokatzen zaie mungiarrei. Izan ere, Mungiatik atera eta eskualdeko hainbeste herri eta auzotatik igaroko da lasterketa. Irteera Matxin Plazatik egingo da, goizeko bederatzietan. Izena emateko aukera egongo da Matxin plazan bertan lasterketaren egunean proba hasi baino ordubete lehenago. Federatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeko txirrindulariek 20. Maiatzaren 24a baino lehen izena emanez gero berriz, 5 euroko deskontua izango dute kirolari guztiek: Ipar Kutxako 3084 0013 82 6300099494 kontu korrontean diru-sartzea eginda eta lehiaketa egunean horren fotokopia eramanda nahikoa izango da.
Ibilbideari dagokionez, Mungiako hirigunetik irten eta Gatikarantz abiatuko da lasterketa. Hortik Urdulizera joango dira Butroitik pasatuta. Handik Plentziarantz joko dute txirrindulariek, Andrakako Gana heldu eta Jatabeko bidetik berriro ere Mungian sartzeko. Gamiz-Fika, Astoreka, Morgako gana eta Gerekizeko gana gaindituta, Muxikara helduko dira, Zugaztieta, Muniketa gana, Urrutxua eta Bizkaiko Balkoiko paisaiak lagun izango dituztelarik. Munitibar, Arratzu, Gernika, Muxika berriro ere, Gerekizeko gana bigarrenez igaro, Olabarritik pasatuz, Fruiz atzean utzi eta Soietxetik Mungiarako bidea egingo dute parte-hartzaileek, guztira ehun kilometro baino gehiago beteko dituztelarik.