ANTZERKI SOLIDARIO BATEN BILDUTAKO DIRUA GAISOTASUNAREN KONTRAKO ELKARTEARENTZAT IZANGO DA
-DEIA- Larramendi Ikastolako ikasleek Arin baina astiro antzezlan solidarioa aurkeztuko dute bihar, iluntzeko 19.30etan, Olalde Aretoan.
Agenda21 programaren barnean kokatuta, egitasmoak Olea-Elgezabal familia mungiarra laguntzea du xede batez ere. Lau seme-alabak (Andoni, Ibon, Janire eta Xabier) koroideremia gaisotasunak jota bizi dira. 2007.urtean diagnostikatu zituztenetik, senideak etengabe aritu dira osatuko dituen bidea aurkitzen saiatzen. Izan ere, gaitz honek gutxika-gutxika ikusmenik gabe uzten du gaixoa, mutilen kasuan, neskengan ez baitu eragin hori ekartzen. Espainiar estatuan beste 54 kasu zegoela jakitean elkarte bat sortu zuen familia honek, elkarri lagundu eta gaisotasuna arintzeko bideak topatzeko. Horrela, laborategi frantses batean ama-zelulen inguruan egiten ari diren ikerketaren aldeko apustua egin zuten.
Antzerkia ikusteko sarrera borondatearekin ordainduko da, eta bildutako dirua aipatutako familia eta elkartearentzat izango da.
Ekimen horrekin batera, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna (ekainak 5) aztarna geologikoaren gaineko umeentzako tailerrekin ospatuko da Mungian. Hurrengo egunean, goiz eta arratsaldez, nagusientzako jarduerak antolatu dituzte Zergatik birziklatu orioa? Edukiontzi zuria zertarako?eta bestelako tailerrekin. Igandean berriz, aurten zuhaitzak landatu dituzten umeek horiek ureztatu eta bisitatzeko aukera izango dute. Udaleko webgunean gainera, aztarna geologikoa neurtzeko tresna dago jada eskuragarri.