LEHIAKETA ETA JARDUEREN PARTE IZAN DAITEZEN ESKATUKO DU ESPRESKI SORTUTAKO BIDEO BATEN BIDEZ

-DEIA- Mungiako San Pedro jaiak gainean ditugula eta, jai batzordeak herriko gazteak animatu nahi ditu egunotarako antolatu dituzten jardueretan parte hartzeko. Horretarako, QR kode bat biltzen duen posterra eskegi dute udaleko webgunean, E zu, gazte! animauko zara? lelopean. QR kodea (Quick Response) bi dimentsioko puntu-matrize batean informazioa gordetzeko sistema bat da. Barra-kodeen antzekoa da, baina askoz ere informazio gehiago gordetzen du ezker-eskuin eta goitik behera. QR kodeek hiru karratu dituzte izkinetan, irakurleari kodearen posizioa antzematea ahalbidetzeko.

Teknologia horren arrakastaren arrazoia bere estandar irekia eta sakelako telefonoei lotutako erabilera dira; sakelako telefonoek irakurgailu gisa funtziona dezakete. Askotariko informazioa bil dezakete: testu sinpletik hasita, bisita-txartel elektroniko eta web-orrietarako loturetaraino.

Kasu honetan, aurtengo jaietarako propio egindako bideo baterako sarbidera zuzentzen du erabiltzailea. Smartphone gehienetan QR kodeak irakurtzeko aplikazioak dira eskuragai. Horien bidez irudia irakurrita, aipatu bideoa ikusteko aukera dago.

Mungiako jai-batzordeak, aurtengo jaiei begira, herriko gazteen parte-hartzea indartu nahi du eta horregatik, koadrillen arteko III. txapelketan izena ematera animatzen ditu, Oihan Vegak aurkeztuko duen playback lehiaketan lotsarik gabe dantzan egiteko edo aurten bere lehenengo edizioa izango duen Karromatoen Lehiketan nor baino nor ibiltzeko.

Bide horretatik, San Pedro jaietarako ilusioa eta urduritasun puntu hori mungiar gazteen artean hasi da honezkero sentitzen. Koadrilla, lonja, elkarte eta herriko taldeetan jaiak datozelako sunda hori nabaria da, eta giroa berotzen joateko hainbat jarduera daude antolatuta hilabete osoan zehar: Kepa Deuna Futbito Txapelketa; Osasun eta Kirol Astea; Arrantza-txapelketa; Aste berdea; Lagunarteko Rugby-Sevena edo Udako III. Merkatu txikia, besteak beste. Aitzakiarik ez beraz Sanpedroetarako ganoraz ez prestatzeko.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com