Aurtengo Sanpedroetan herriko talde historiko hau izango da aldarrikari
-DEIA- Mungiako Saskibaloi Taldeak 25 urte betetzen dituela eta, aurtengo San Pedro jaietako pregoilari izendatu dute. Urteotan herrian gazteriaren eta kirolaren alde egindako lana saritu nahi du jai-batzordeak mungiar guztien izenean. Mungia S.T.koek "oso pozik" eta "harrituta" hartu dute berria, taldeko Luis Ortega zuzendariaren esanetan.
Mungia Saskibaloi Taldea 1988an sortu zen, saskibaloizale talde bati esker. Taldearen sorrera azaltzeko izenik aipatzekotan, Andoni Elorriaga eta Joseba Lotina aipatu beharko genituzke. Sasoi hartan, horiek Regional deritzon kategoriako beste talde batzuetan aritzen ziren eta herrian ere saskibaloia bultzatu beharra ikusi zuten. Beste lagun batzuekin batera, Mungia Saskibaloi Taldea osatu zuten.
Gizonezkoen nagusien taldeak 1994-95 denboraldian lehen mailara igotzea lortu zuten, Isaac Amezaga entrenatzailea zela. Handik aurrera, talde horrek kategoriari eustea lortu du. 1999-2000 denboraldia benetan arrakastatsua izan zen taldearentzat: Gizonezkoen nagusien taldeak kopa eta liga irabazi zituen, partidu bi baino ez galduta eta horrek Liga Autonomikora igotzeko aukera eman zien.
Emakumezkoen taldeak ere garaipen gogoangarriak bizi izan ditu. 1988-89 denboraldian Lauaxeta institutuko jokalariekin osatu zen eta bigarren mailan mantendu da urte askotan zehar. 1996-97 denboraldian Junior kategoriako 1. mailara igo ziren Andoni Elorriaga entrenatzailearen eskutik. 1997-98 denboraldian Erregionaleko 1. Junior taldea osatu zen eta urte horretan bertan lortu zuten bigarren maila nazionalera igotzea. Arrakasta horiek lagun, 1998-99 denboraldian emakumezko beste talde bat osatu zen jubenil mailan.
Egungo Mungia S.T. hurrengo taldeek osatzen dute: Senior Autonomika, Senior Mutilak, Senior nesketan talde bi, Junior kategorian mutilen talde bi eta neskek osatutako bakarra, eta kadeteetan bana, bata neskena eta bestea mutilena.
Taldearen helburua, itzelezko garaipenak lortzea baino gehiago, saskibaloia Mungialdean zabaltzea da. Horretarako, harreman estuak ditu ikastetxeekin eta, batez ere, bertan, eskola-kirolean, saskibaloian parte hartzen duten gaztetxoekin eta euren entrenatzaileekin, horiek izango dira eta goiko ekipoen harrobia. Izan ere, eskualdeko herritarrekin bat egitea izan da beti taldeko helburu nagusietako bat, eta, bide horretatik, kasu, ekainaren 8rako antolatu duten Kepa Deuna Saskibaloi Txapelketa. Mungiako ikastetxe guztiek parte hartuko dute Larramendi Ikastolan jokatuko den eskolarteko lehiaketa honetan. Hamarretan hasi eta eguerdiko ordu bata bitartean, saskibaloiaz gozatzeko parada izango dute bertaratutakoek.
Zorionak eta ekin beraz, Mungia S.T., beste hainbeste urtetan!