SEI ELKARTEAK ETA SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAK
ERABILITAKO METODOLOGIA EGOKITU DUTE
-DEIA- Institutuko eta Larramendiko Batxilergoko lehenengo mailako ikasleek, Udaleko Euskara Sailaren laguntzarekin, euskararen erabilera neurtu dute Mungian. Helburua, mungiarrei datuak erakusteaz gain, ikasleak bere betiko ingurutik atera eta Mungian euskararen erabilera zenbatekoa den bertatik bertara ikustea izan da.
Horretarako, kale neurketetan SEI elkarteak eta Soziolinguistikako Klusterrak erabili ohi duten metodologia jarraitu dute (datuak hartzeko fitxa, …), beti ere gazteen eta proiektu honen ezaugarrietara egokituta.
Inkestak iazko abenduaren 10etik 23ra bitartean egin ziren, eta, guztira, ikastetxe biotako 64 bikotek osatu zuten lan-taldea. Lau ibilbide ezarri ziren ikerketa egiteko: Lauaxeta Olerkaritik Butroira; Zubiaga-Neurketa-Elordugoitia; Alkartasuna-plazak-Aita Elorriaga-Itxaropena-Garabila eta Udaletxea-Trobika-Itxaropena-Aita Elorriaga-Institutua. Hortaz, erdiguneko kale nagusietan eta merkataritza guneetan egin ziren inkestak. Neurketa saioak astegunetan zein jaiegunetan egin ziren, goizez eta arratsaldez.
Udaleko Euskara Sailetik diotenez, "neurketa hau ez da zientifikoa" baina, hala ere, aurretik egin izan dituzten neurketekin alderatuta eta eskura dituzten datuekin konparatuta, "ateratako datuak ez dabiltza oso urrun ere". Izan ere, datuak oso esanguratsuak omen dira, eta, zerbait aurreratzekotan, "erdal hizkuntzen eragin handia" nabarmendu beharko genuke, arduradunen hitzetan, "ingelesarena, kasu".
Guztira, 64 neurketa-saiotan 2.483 inkesta bete ziren. Adinaren araberako hiru taldetan banatu zituzten herritarrak: umeak (ikasleak baino gazteagoen kasuan), gazteak (ikasleen adin-tartean zeudenak) eta nagusiak (gazteen adinetik gorakoak). Bildutako informazio guztia datu-base batean sartu zuten eta Euskara Sailak datu horiek kudeatu eta prozesatu zituen, gerora ikasleek informazio hori interpretatu eta horren gainean ondorioak atera ahal izateko, klasean hausnartuz.
Ez da hau euskararen erabileraren inguruan Mungiako ikasleek egiten duten lehenengo egitasmoa, iaz hainbat kurtsotako ume eta gazteek herriko paisaia linguistikoa aztertu baitzuten.
Neurketaren datu zehatzak eta ondorioak ekainaren 13an, 19.00etan aurkeztuko dira Harrera Bulego zaharrean eta lana ekainaren 14, 17, 18 eta 19an egongo da ikusgai 17.00etatik 19.00etara han bertan.