TXUPINAZOA ILUNTZEKO 20.00ETAN BOTAKO DUTE MUNGIAKO SASKIBALOI TALDEKOEK

-DEIA- Beste urte batez, hemen dira Mungiako Sanpedroak. Gaur bertan, San Pedro bezperan, iluntzeko zortzietan txupinazoa botako dute herriko udaletxeko balkoitik aurtengo pregoilariek, Mungiako Saskibaloi Taldeko ordezkari bik, hain zuzen ere, Joseina Etxeberriaren laguntzarekin.

Ordubete lehenago, baina, Olentzeroren etxetik hasita kalejira izango da herrian zehar, Gure Ametsa txistulari Taldea, Erraldoiak, dultzaineroak, buruhandiak, Marijata eta kuadrillak lagun.

Horrela, hamar egunez jaia, umore ona, musika eta dantza izango dira protagonista, hainbeste jarduera eta ekitaldi antolatu baitituzte, adin eta gustu guztietarako.

Txupinazoaren ostetik Matxin plazan Diskofesta izango da Oihan Vegaren eskutik. 22.00etan, dantzatzekoak Lauaxeta plazan eta playback txapelketa Matxinen. Txosna-gunean, ordea, Su Ta Gar eta EH Sukarraren kontzertuak izango dira gozagarri.

Bihar berriz, bertsolariak, pilota partiduak, antzerkia eta Mexikoko musika izango dira aukeran egun osoan zehar. Gainera, gaueko hamaiketan su-artifizialak botako dituzte Zubietako soloetatik, eta ordu erdi geroago, Matxin plazan, Oskorri taldearen Gabriel Aresti bizsitan ikuskizuna izango da ikus eta entzungai.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com