AURTENGO HONETAN, POETA MUNGIARRAREN 'ITAUNA' ETA 'ERANTZUNA' OLERKIAK HARTUKO DITUZTE OINARRI

DEIA. Mungiako Udalak Lauaxeta Olerki Lehiaketaren VI. ediziorako deialdia iragarri du. Aurtengo edizio honetan, aurreko urteetan legez, lehiaketa irekia izango da, bai forma aldetik eta bai eduki aldetik ere. Hori bai, aurtengo gaia Lauaxetak idatzitako olerki bik osatzen dute: Itauna...Erantzuna. "Zalantza asko eta erantzun gutxiko garai honetan, gai horrek idazle eta poesiagileei idazteko aukera zabala" eskainiko diela uste dute Euskara Zerbitzuko arduradunek.

Laukizen jaioa 1905eko abuztuaren 3an, lau urte zituela MungiakoLauaxeta baserrira joan zen bizi izatera Esteban Urkiaga; hain zuzen ere, gerora, bere idazlanetan izen hori hartuko zuen izengoititzat. Euzkadi egunkarian eta beste hainbat agerkari abertzaletan kazetari lanetan aritu zen, eta literaturako klasikoak euskaratu zituen. Euskararako aranatar ereduaren jarraitzailea, bere lanak mendebaleko euskaran idatzi zituen. Espainiako Gerra Zibilean EAJren komisario politiko ibili zen, eta Gernika bonbardatua bisitatzera zeramatzan kazetariekin batera atxilotu zuten. Euzko Jaurlaritzako agintariak beste preso baten truke askatzen saiatu baziren ere, 1937ko ekainaren 25ean, 32 urte zituela, fusilatu egin zuten frankistek, Gasteizko hilerrian.

Poeta eta euskaltzale honen ostetik sortu zuten Mungian Lauaxeta Olerki Lehiaketa beraz, aurten bosgarren edizioa duena. Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioetako berberak izango dira. Sari bi egongo dira, lehenengoa 800 eurokoa eta bigarrena 500 eurokoa. Epaimahaia azken urteetan legez, Miren Agur Meabek eta Karlos Santisteban idazleek osatuko dute, eta sari-banaketa abenduaren 3an egingo da, Euskeraren Nazioarteko Egunean Mungian egiten den ekitaldi ofizialean.

Lanak Astiunerako Udal Erakundearen Egoitza Nagusian aurkeztu beharko dira (Agirre Jauregia, Aita Elorriaga Kalea 1, 48.100 Mungia) azaroaren 13 baino lehenago. Olerkizale eta poesiagile berrientzat "urteroko erreferentzia bihur-tzeko asmoz sortu zen lehiaketa honetan aurten ere parte-hartze zabala izatea" espero dute Udaletxetik.

OINARRIAK Lanak euskeraz baino ezingo dira aurkeztu, eta izenburu bera izango dute beti ere: Itauna...Erantzuna. Gaiari dagokionez, izenburu horren interpretazio librea izango da. Sari bi emango dira: lehenengoa, 800 eurokoa eta bigarrena, 500 eurokoa. Aurkeztutako lanak gutxienez 100 bertso-lerrokoak izan beharko dira, eta gehienez, 200ekoak. Egileak bestalde, askatasun osoa izango du bere gustuko ahapaldiak, neurriak eta errima erabiltzeko. Lanak jatorrizkoak izango dira beti ere, inoiz argitaratu bakoak eta aurretik beste lehiaketa baten saririk jaso gabeak. Horrekin batera, ez dira originaltzat hartuko beste hizkuntza batetik itzulitako lanak. Lehiaketa honetan edozeinek hartu ahal izango du parte, bere jatorria eta bizilekua edozein izanda ere. Aurkezteko epea 2013ko azaroaren 13an amaituko da eta epaia Mungiako Udalaren web gunean argitaratuko dute.

Informazio gehiago Mungiako web orrian, edo baita Euskera Sailan ere (94 674 90 89).

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com