DEIA. Asteburu honetan, irailak 27, 28 eta 29, Mungiako Udalak lehenengo aldiz parte hartuko du Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian. 30 bat herrialdetako 66 istorio islatu nahi dituen Bilboko festibal honek aurten bosgarren edizioa ospatuko du, Mungiako Olalde Aretora 22 pelikula ez komertzial ekarriko dituena.

Merkatutik kanpo geratu diren pelikulak ikusteko aukera eskaini nahi da egitasmo honen bidez, ikusleek beste errealitate eta kultura batzuk ezagutu ahal izateko, normalean hain eskuragarri ez ditugunak. Horrela, jatorrizko herrietan, edota nazioarte mailan zentsuratuak edo baztertuak izan diren filmak, ezagutzera eman nahi dira. Horregatik, munduko edozein txokotatik jasotako pelikulak onartu arren, leku pobreetako edo giza eskubideak errespetatzen ez diren herrialdeetako filmak hobetsi dira aukeraketan.

Bihar, arratsaldeko zazpietan inaugurazio ekitaldiarekin emango diote hasiera jaialdiari: bertan, Alex Sarduik eta Iker Caballerok musika pieza bi eskainiko dituzte. Egun bakoitzean saio bi izango dira, bata 19:30ean eta bigarrena 21:30ean, eta horietako bakoitzean film ezberdinak eskainiko dituzte. Horrez gainera, ekimen honen bitartez, oinarri moduan zinea erabiliz, egungo gizartean ditugun hainbat arazoren inguruan hitz egin eta hausnartzea ere bilatzen da.

Izan ere, IES Mungia ikastetxean orain arte ere parte hartu izan dute, filmak ikusi eta gaiak ikasleekin landuz. Aurten, Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxeak (Larramendi Ikastola eta Bentades Ikastetxea) ere inplikatu egin dira proiektu honetan, eta ahalegina egin dute euren ikasleak pelikulak ikustera joan daitezen.

Mungian ikusi ahal izango diren pelikulak lau gai nagusiren ingurukoak izango dira: giza eskubideak, kulturartekotasuna, genero berdintasuna eta garapen iraunkorra. Pelikulen ostean, egun bakoitzean ikusleek bozkatu egin beharko dute, eta boto horiek Bilbon egingo den sari banaketa orokorrean kontuan hartuko dira. Gainera, botoa ematen duten guztiek lagun birentzako globo-bidaia egiteko zozketan hartuko dute parte.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com