Erabileraren Normalkuntzarako Plana diseinatu dute Mungian datozen lau urteetarako
DEIA. Udalak, Euskera Sailaren bidez, Mungiako Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana 2013-2017 izeneko proposamena prestatu du. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuak ezartzen duenaren arabera, "EAEn dauden herri administrazioekin euskaraz jarduteko eskubide osoa du herritarrak eta, beraz, eskubide hori bete dadin, herri aginteek, nork bere esparruan, euskara zerbitzu zein lan-hizkuntza modura normaltasunez erabiltzeko hartu beharreko erabaki guztiak hartuko dituzte".
Txostenean, erakundearen gaur egungo hizkuntza egoeraren berri emateaz gain, aipatutako dekretuan oinarritu dira mota honetako planek bete behar dituzten baldintza eta edukiak kontuan izateko. Euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza izan dadin lortzeko neurrien artean, orain arte betebeharrik ez zuten udaleko lanpostu zenbaitetan hizkuntza eskakizunak jarriko dira eta udaltzainei ere 3. eskakizuna ezarriko zaie, arduradunen esanetan "ahozko jardunaz gainera euren lanean idatzizkoak ere garrantzi handia dauka-eta".
Egindako diagnostikoari jarraiki, herritarren ahozko eskaria nahiko handia da eta Udalak, salbuespenak salbuespen, ondo erantzuten dio. Izan ere, behargin gehienek dute herritarrekiko ahozko harremanetan euskaraz jarduteko beharrezkoa den gaitasuna. Herritarren idatzizko eskaria berriz, nahiko eskasa izan arren, euskaraz eta elebitan ateratzen diren testuetan aurrera-pauso sendoa egitea da helburua.
Bestalde, hizkuntza prestakuntza eta etengabeko prestakuntzarako neurriak ere hartzea espero dute. Herritarrek egindako hizkuntza-hautuari behar bezala erantzuten zaiola bermatzeko protokoloa osatuko da. Era berean, kontratazio administratiboa,diru-laguntzen kudeaketa, udal instalazioen erabileraren lagapena, ekitaldi publikoak, hizkuntza paisaia, administrazioaren irudia eta argitalpenak eta tresna informatikoei dagokienez, hamaika neurri eta ekimen abiatzea aurreikusi dute.
Beraz, planaren egiteko nagusia "euskararen erabilera areagotzea izango da. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatu, euskara zerbitzu hizkuntza gisa erabiliz eta, aldi berean, euskararen erabilera areagotu euskara ere lan hizkuntza gisa erabiliz: horixe da datozen urteetarako erronka", adierazi dute.
Proposamen horren berri Hizkuntza Politikarako Sailordetzari bidaliko zaio testua Udaletxeko Osoko Bilkuran onartu ostean, -abenduaren 27an onartzea aurreikusi dute- txostena egin dezan; txosten hori loteslea ez den arren, derrigorrezkoa da Plana behin betikotzat onartu ahal izateko.