DEIA. Krisi ekonomikoak gogor jo ditu hainbeste familia Mungian. Gabonak datozen honetan gainera, umeek ilusio handiz espero duten Olentzeroren oparia kasu askotan ezin izango da heldu. Egoeraren gordintasuna apur bat goxotzeko asmoz, gabonetan ume guztiek jostailuren bat jaso dezaten lortzea xede duen kanpaina abiatu du Udalak Merkatari eta Ostalarien Elkartearen laguntzaz, Olentzero Mungiako etxe guztietan lelopean. Ekimen honekin bat egin nahi dutenek erraz dute: hainbat preziotako bonoak salduko dira hainbeste dendatan -erakusleihoan kartela izango dute- eta batutako guztia jostailuak eta opariak erosteko erabiliko da. Horrela, Gizarte Zerbitzuetako Partzuergoak kudeatuko du egitasmo honi esker bilduko den dirua behar gehien duten familiei bideratzeko: 12 urtera arteko umeei zuzenduko dira opariok eta Mungian erroldatutako baliabide ekonomiko urriko familietakoak izango dira onuradunak. Bonoak erosteko epea abenduaren 19ra arte zabaldu dute.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com