TXISPELETA ESKAUT TALDEARENTZAT IZANGO DA AURTEN MUNGIAKO UDALAK EMANDAKO OHOREA

-DEIA- KOSKORRA, kaskondoa, oinarina, azkarra ala trebea? Talde batekoa zein bestekoa izan, beti prest! Hori da Mungiako Txispeleta Eskaut Taldearen goiburua, aurtengo Amatxu Saria. Mungiako elkartea urte luzez izan da herriko ume eta gaztetxoen bilgune, irteerak, mendi-martxak, bazkariak, tailerrak, jaialdiak, txapelketak, jarduera solidarioak eta beste hainbat ekintza antolatuz.

Isilean eta inori trukean ezer eskatu barik, behar aparta eta erabateko dedikazioarekin egiten dutenak saritzeko ematen da Amatxu Saria. Izan ere, Txispeletak 35 urte bete ditu herriko neska-mutil gazteekin beharrean, gizarte baloreetan oinarritutako hezkuntza ematen, berdintasunaren, elkartasunaren eta konpromisoaren alde. Era berean, Mungiako ekintza askotan modu aktiboan parte hartzen du taldeak.Gabonetan, esate baterako, Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin eta Gizaberri elkartearekin batera janari-bilketa baten lagundu zuten Txispeletakoek.

Horrela, 8 eta 18 urte bitartean taldean lan egiten ikasten dute, bata besteari lagunduz, desberdintasunak berdinduz. Koskorrek (8-10 urte), Kaskondoek (10-1 urte), Oinarinek (12-14 urte), Azkarrek (14-16 urte) eta Trebeek (16-18 urte) osatzen dute scout taldea.

Adar bakoitza hamabost egunean behin batzen da lokaletan (asteburuetan), heziketa jarraitua izan dadin. Kurtsoan zehar ere badaude talde osoko elkarbizitza-irteerak: hiruzpalau egunekoak kurtso hasieran, gabonetan eta Aste Santuan, eta 15 eguneko kanpamentua udan. Gainera, beste taldeekin harremanetan egoten saiatzen dira: Gorka Deunara joaten (Bizkaiko eskautek urtero antolatutako jaia), beste taldeekin baterako kanpamentuak eginez, sare-lanaren bitartez edo lan-eremuetan, nagusien kasuan.

Mungiako Udalak ematen duen ohorearen 11. edizioa da honako hau. Mungiako Txispeleta Eskaut Taldeak maiatzaren 5ean jasoko du saria, eguerdiko 13:00etan Landesa plazan egingo den ekitaldi berezian. Amatxu saria emanda, Mungiako herriak gorazarre egingo dio lan isila baina parebakoa egiten duen Txispeletari.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com