MUNGIALDEKO ANTZERKILARIEN ELKARTEAK 'KONTU KONTARI' EGITASMOA JARRIKO DU

-DEIA- Herriko pertsonaiak, anekdota xelebreak edo "badaukazu zeraren entzuterik?" mitikoa. Hori guztia eta askoz gehiago izatea nahi dute Kontu Kontari Mungialdeko Antzerkizale Elkartekoek. Benetako istorioak, herrian entzundako kontuak... Azken finean, mungiarrek mungiarrentzako esandako kontakizunak izango dira protagonista ekimen honetan.

Kontu Kontari izenburupean, Mungiako Udalak eta Mungialdeko Antzerkizale Elkarteak antolatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, bihar, apirilak 25, kultur ekitaldi desberdin batekin gozatzeko aukera izango dute Mugire Txokora hurbiltzen direnek. Diferentea, Kontu Kontari ez baita umeei bideratuta antolatu ohi diren ipuin kontaketa horietako bat, non, kasu gehienetan, idazle, monitore edo boluntarioek narrazioak kontatzen dituzten, umeentzako pentsatutako ipuinak baliatuz, eta, gainera, kasu gehienetan haurrak entzule pasiboak izaten direlarik.

Egitasmo honetan, antzina egiten zen moduan, lehengo lasaitasunaz istorioak entzun eta kontatzeko abagune ederra egongo da. Izan ere, herriko jendeak, bertakoek kontatutako istorio laburrak izango dira entzungai. Ordubetez, zerbait kontatu nahi izanez gero, kontalariaren txapela eskatzea besterik ez dute izango bertaratutakoek.

IBILBIDE LUZEA. Mungialdeko Antzerkizale Elkartea iaz sortu zen eskualdean arte eszenikoekiko zaletasuna sustatzeko asmoz. Izan ere, azken 30 urteotan ideiak bueltaka eta gogoak goraka ibili dira antzerkiaren inguruan antolatzeko. Horrela, antzerki-ikastaro zenbait prestatzea lortu zuten eta 2007an, Mungiako udaletxearen laguntzaz, Jon Kepa Zumalde eta Ikerne Goikoetxea irakasle duen ikastaroa jarri zuten martxan, geroztik urtero antzezlan berri bat prestatzen dutelarik. Gainera, bestelako ekimenak ere abian jartzea dute helburu: fikzio-tailerrak, monologoak, gorputz-espresioa...

Berez, Mungiako kultur-ekimenak arte eszenikoek markatu izan dituzte beti; Lore-jokoen kasua da horren adibide garbia. Kultur-talde hau berriz, Mungia, Gatika, Arrieta eta Maruri-Jatabeko 35 pertsona baino gehiagok osatzen dute.

Lehenengoz abiatuko dute beraz Kontu Kontari, baina maitzaren 30ean beste edizio bat antolatzeko asmoa dago. Benetako pasadizoak entzuteko plazerra sentitu nahi baduzu, hurbildu Mungiako Mugire Txokora bihar, eguena, arratsaldeko zazpietan. Gonbidatuta zaude!

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com