BIZKAIKO PARACYCLING BIRAN

KIROLARIEK HERRIA ZEHARKATUKO DUTE DATORREN ASTEBURUAN

-DEIA- Bizkaiko Paracycling Bira Saiatu Fundazioak Valentin Uriona Txirrindulari Elkartearekin elkarlanean antolatzen du. Txirrindularitza egokituaren barneko lau modalitate bilduko ditu lasterketak: trizikloa (T1 eta T2), bizikleta (C1, C2, C3, C4 eta C5), tandema eta hand-bike-a (H1, H2, H3, H4), bai gizonezkoentzat eta bai emakumezkoentzat.

Bizkaiko Paracycling Biraren XVII. edizioa dugu honako hau, nazioarteko mailako arineketa, egungo txirrindularitza egokituko kirolari esanguratsuenak ekarriko dituena Mungiara. Hirugarren etaparen irteera zein helmuga udaletxe-ingurutik hurbil kokatuko da eta, beraz, txirrindulariek Mungia zeharkatuko dute, zaleek behin baino gehiagotan ikusteko aukera izango dutelarik. Iraupen-lasterketan parte hartuko dutenek Gamizeko buelta hainbatetan egin beharko dute gainera.

NAZIOARTEKO LASTERKETA.2012ko edizioan 133 txirrindularik hartu zuten parte, 14 herri desberdinetatik etorritakoak, baita Estatuko 12 komunitate autonomotatik ere. Horien artean, nazioarteko elitearen parte handi bat eta zazpi txapeldun paralinpiko izan ziren. Hans Peter Durst alemaniarra izan zen aurreko edizio bietan trizikloetan irabazle.

Probak duen formatua, ezintasun kategoria guztietara irekita egotea eta konpetizio eta kirol giroari esker, egutegi nazional eta nazioartekoan lekua hartzen joan da lasterketa hau. Aurten, UCI 2013 rankingerako proba puntuagarria izango da. Horrela, jada 16 edizio gauzatu dira, eta urteko garai beretsuan. Horrek guztiak kirolariek eskertzen duten seriotasuna ematen diote probari, batez ere euren nazioarteko egutegiaren hasiera den momentu honetan.

Argentina, Peru, Venezuela, Errusia, Israel, Holanda, Britainia Handia, Ingalaterra, Frantzia, Belgika, Moldabia, Portugal, Siria, Alemania, Ghana, Noruega eta Italiatik, baita espainiar estatutik etorritako hainbat kirolarik eman dute izena Paracycling Biraren 17.ediziorako. Birak 3 etapa izango ditu: bi erlojuaren kontrakoak izango dira eta hirugarrena iraupen-lasterketa; erlojupeko probak maiatzaren 4an izango dira, larunbatarekin, goizez eta arratsaldez. Iraupenekoa berriz, igande goizean. Azken etapa hori antolatu dute Mungiatik Mungiara. Sari-banaketa ere Mungian bertan izango da, igandeko 13:45etan.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com