Larunbatean ospatuko dira herrien arteko zortzigarren Berba Probak Mungian

-DEIA- Herritarren ekimenari esker eta Txokolo Kultur Alkarteak bultzatuta, Taket Bertso Alkartearen eta Mungiako Udalaren laguntzaz, maiatzaren 4an herrien arteko VIII. Berba Probak egingo dira. Goizeko hamaiketan hasita, Mungiako eta inguruetako esakuneak eta bertsoak batzen dituen txapelketa antolatu dute. Ekimenaren helburuen artean, bertako euskera lantzea eta bultzatzeaz gain, esaera zaharrak erabiltzeko eta bertsoetarako zaletasuna piztea daude. Dena den, jai giroan herrien arteko lehia ona eta jatorra sortzeko asmoa dago batez ere, hots, mungiarrek eta bertaratutako guztiek ondo pasatzea. Hori dena, euskal kulturaren aldeko herritar, erakunde eta elkarteak festa giro apartaren bidez bilduz.

Mungialdeko herrietatik zein kanpotik etorritako hiru laguneko taldeak osatu ohi dira; orain arte, Jatabe, Laukiz, Arrieta, Urduliz, Leioa, Fruiz, Basauri, Nafarroa, Arrasate eta zenbait euskaltegitako ikasleak izan dira Berba Probetako parte-hartzaile, mungiarrek osatutako taldeak ahaztu barik. Bertsolariekin batera ibilbide bat egingo dute Mungian zehar, tabernarik-taberna. Horiekin batera, lehiaketaren epaileak, lagunak eta trikitilari eta pandero-joleak ibiliko dira gelditu barik.

PROZEDURA. Andra-Marin bilduta, 10:30etan ibilbideen zozketa egingo da. Taberna bakoitzean bertsolariek talde bakoitzarentzako bertso bana botako dute eta parte-har-tzaileek bertso horri ondo doakion esaera asmatu beharko dute -aldez aurretik emandako zerrendakoak gogoan izanda-. Asmatu ezean edo taldeko ordezkariak zerrenda horretan idatzita zegoen moduan esaten ez badu, beste talde batek izango du aukera erantzuteko. Epaileek bazkalaurrean egingo dute puntuen bilketa, eta, beraz, otordua baino lehen parte-hartzaileen artean irabazlea zein den jakingo dute taldeek. Finalean proba fisiko eta berbazkoak izango dira (esakuneak edota bertsoak osatu; zaku lasterketa…) eta txapel-jaurtiketa lehiaketa. Finala 14:15etan izatea aurreikusi dute antolatzaileek.

Bazkaria eta bazkalostea aurreko urteetan leku desberdinetan antolatu dute: lehenengo urtean Mungiako Matxin elkarteak eskaini zuen bere txokoa bazkaria egiteko. Eta handik gora udaleko hainbat lekutan prestatu da. Aurten, berriz, Mariñerune garagardotegian egingo da. Bazkalostean, kantak eta dantzak izango dira protagonista.

Zenbat Gara Kultur Alkartea, betiko legez, aurten ere laguntzaile izango da eta sariak bere kontu izango dira: lagun birentzako afari bana Kafe Antzokian eta aukeratzen duten kontzerturako sarrerak oparituko ditu.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com